Gizartea

DENBORALEA

Uholdeen ondorioekin iratzarri da gaur Bizkaia

2008/06/02

Argindarra berrezarri dute jada. Jaurlaritzak kaltetuentzako diru-laguntzak arautzeko dekretua onartu ala ez erabaki behar du. Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eta begiratu audientziak EiTBra bidalitako argazkiak.

Azken 25 urteetako uholderik larrienak bizi izan ditu Bizkaiak asteburuan; atzoko zenbait irudik 1983an bizitakoak zekartzaten gogora, batez ere, Bizkaian.

Getxo, Alonsotegi, Basauri eta Trapaga izan dira, batez ere, kalte gehien pairatu dituztenak. Ura abisurik gabe iritsi zen, izan ere, ez zuten euri handien alertarik iragarri eta kaleak, lonjak eta garajeak bete zituen urez.

Ur eta argindarra etendurak ere eragin dituzte uholdeek eta garraio publikoetan arazoak izan dira.

Hain zuzen, Iberdrolaren 200 erabiltzaile inguruk argindarrik gabe jarraitzen zuten gaur goizean Getxon eta Trapagan, baina dagoeneko zerbitzua berrezarri dute, Iberdrolak informatu duenez.

Konpainia elektrikoak arazoak gaur goizean zehar konpontzea aurreikusi du. Atzo 40.000 bizilagun geratu ziren argindarrik gabe Bizkaian.

Horrez gain, Getxoko Institutua eta Barakaldoko Artagabeitia haur-eskolak itxita egongo dira gaur.

Garraio publikoari dagokionez, atzo azken orduan berrezarri zituzten Renfe eta FEVE konpainiek euren tren-zerbitzuak. Metro Bilbao ere badabil bide guztian, baina ohikoa baino maiztasun gutxiagorekin ibiliko da. Izan ere, Julio Ibarra prentsa arduradunak jakinarazi duenez, ezinezkoa izan da Larrabasterrako geltokian ura ateratzeko sistemek zegoen ur guztia ateratzea eta zenbait sistema elektrikotan kalteak izan dira.

TCSAk bertan behera utzi ditu lanuzteak

Bilbobus eta Bizkaibus zerbitzuak ematen dituzten TCSAko langileek gaurko deituta zuten lanuztea bertan behera uztea erabaki dute, uholdeen ondoren normaltasunera bueltatu ahal izateko.

Diru-laguntza linea bat prestatzeko dekretua

Oraingoz zenbatu ez dituzten kalteak, lehen bistan, oso handiak dira. Kaleak, etxeak, garajeak eta autoak urez gainezka ikusita, bistan da kalteak oso handiak izan direla.

Horren harira, Imanol Landa Getxoko alkateak esan du espero duela Eusko Jaurlaritzak kalteak pairatu dituzten bizilagunentzat "kalte-ordainak emateko linea bat prestatzeko dekretua onartzea". Jaurlaritzak berak baieztatu du dekretu hori martxan jarri ala ez erabakitzeko zain dagoela, baita kaltetutako zenbait toki "hondamen eremutzat" jotzeko ere.

Bizilagunak baltsetan atera dituzte etxeetatik

Igande honek 1983an geratu ziren uholdeez geroztik ikusten ez ziren irudiak utzi ditu. Bizilagunak euren etxeetatik atera behar izan dituzte, errepideak itxita egon dira, garajeak urez gainezka, autoak urpean eta tren-zerbitzuak etenda.

Gipuzkoan Beasainen eta Legazpin egon dira arazoak, batez ere. Bizkaia izan da, ordea, zalantzarik gabe, kalte gehien izan dituena.

Albiste hau promozionatu:


Albisteak bilatu

Euskadi Irratiko azken albistegia

Orain, aupatu.com webgunearen portadan, erabiltzaileek emandako botoei esker:
© eitb24 - 2009
Eskubide guztiak erreserbatuta